Errioxako ondarearen harribitxi nagusietako bat.

Casalarreinako Pietatearen Andre Mariaren monasterioa, 1514tik 1524ra bitarte eraikitako zenobio bat da. Calahorrako eta Palentziako elizbarrutietako apezpiku Juan Fernández de Velascoren aginduz hasi ziren lanak. Udalerriko eta eskualdeko ondare-baliabide berezi bat da, eta 1977an Kultura Intereseko Ondasun deklaratu zuten, interes nazionaleko Monumentu Historiko Artistikoen kategorian.

  • HELBIDEA: Plaza Santo Domingo de Guzmán, 6, 26230 Casalarreina, La Rioja – Nola lortu »

  • TELEFONOA: +34 941 324 033 / 631 143 550

  • ORDUTEGIA: Egunero 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara

    Behe denboraldia (urtarrilak 1-martxoak 19 // urriak 13-abenduak 31)

    • Asteartetik ostiralera: 10:30 – 14:30 eta 16:30 – 18:30.
    • Larunbatetan: 11:00 – 14:30 eta 16:30 – 18:30
    • Igandeak: 11:00 – 14:30

    Denboraldi erdia (martxoaren 20tik ekainaren 8ra)

    • Asteartetik ostiralera: 10:30 – 14:30 eta 16:30 – 19:30.
    • Larunbatetan: 11:00 – 14:30 eta 16:30 – 19:30
    • Igandeak: 11:00 – 14:30

    Goi denboraldia (ekainaren 9tik urriaren 12ra)

    • Astelehenetik ostiralera: 10:30 – 14:30 eta 16:30 – 19:30.
    • Larunbat-igandea: 11:00-14:30 eta 16:30-19:30.
    • Oporrak eta zubiak: 11:00 – 14:30 eta 16:30 – 19:30

    BISITA ORDUTEGIA:

    • Goizez: 11:00/12:00/13:00
    • Arratsaldez: 16:30/17:30 (denboraldi erdi-goi: 18:30)
  • PREZIOAK: Helduak: 4 €
    Taldeak (10 pertsonatik gora) eta erretiratuak: 2,40 €
    5-15 urteko haurrak: 1,50 €

Juan Fernández de Velasco 1520an hil zen, Monasterioa eraikitzeko lanak hasi eta 6 urte eskasera. Harrez geroztik, bere anaiak, Íñigo Fernández de Velasco y Mendoza jaunak, bere gain hartu zuen obrak zuzentzeko ardura, baina erabakiak hartzeko ardura ilobaren esku geratu zen, Isabel de Guzmán y Velascoren esku, hain zuzen.
Monasterioak 55.000 m²-tik gorako azalera zeukan, eta Adriano VI.a aita santuak bedeinkatu zuen 1522ko martxoaren 14an, gertaera horrek baliabideari aparteko berezitasuna eman ziolarik, Espainian aita santu batek inauguratutako monasterio bakarra zelako. Azkenean 1523an inauguratu zen, eta, Iñigoren eta Isabelen artean familia-gatazka luzea izan ondoren monasterioan biziko zen ordenaren harira, domingotar ahizpen monasterio bat ezarri zen eraikinean, eta gaur egun arte ordena hori bizi izan da bertan.

Eliza eta klaustroa dira Monasterioko barrundegi nagusiak. Eliza eskualdeko aberatsenetako bat da. Estilo arkitektonikoei dagokienez, habeartea gotiko isabeldarraren barruan kokatzen da. Felipe Bigarny, Juan de Balmaseda, Cristóbal de Forcia eta Juan de Cabreros jaunek egin zuten haren portada nagusia, eta tinpanoan harrizko erretaula bat dauka, Monasterioari izena ematen dion eszena irudikatzen duena: Pietatea. Puntu-erdiko hiru arkuz osatutako eta petxinen gaineko kupula batez errematatutako portiko baten azpian babestua dago. Portadako multzoan doktrina kristaua eta alegoriko-paganoa uztartzen dira, estilo platereskoaren adierazgarria izanik. Kontraportada ere deigarria da, non Bako eta Herkules arimen salbatzaile eta pizkundearen aitzindari gisa irudikatuta ageri diren. Errenazimentu humanista izeneko estiloaren aurrean gaude kasu honetan, Espainian sartu zen primitiboena.

Tenpluko “T” formako habearte zabal eta argitsu bakarraren barruan, gurutzeria konplexuko gangak eta erretaula nagusi barroko zoragarria ikus ditzakegu, azken hori 1621. urtearen inguruan Juan de Garayk egina, Juan de Lumbierren eta Pedro de Fuentesen pintura polikromatuekin. Gainera, elizak koru altu zabala dauka, aulki platereskoekin, gurutzaduraren oinetan, eta Juan Fernández de Velascoren hilobia dago bertan. Klaustroak oinplano karratua eta solairu bikoitza dauzka, eta eraikineko espazioak antolatzen ditu. Behe-klaustro bat eta goi-klaustro bat dauzka, eta zurezko teilatua da azken horren bereizgarri nagusia.

Eraikina altxatu zutenez geroztik udalerrian gauza asko gertatu badira ere (Napoleonen inbasioa edo Mendizabalen desamortizazioa, besteak beste), Monasterioa kontserbazio-egoera onean dago. 2006. urtean eraikina birgaitzeko zenbait lan burutu ziren eraikineko barrundegi nagusiak egokitzeko; ondoren, publikoarentzat ireki dira berriz ere, eta nahi duenak bisita ditzake, bere kasa edo gidaren laguntzarekin.

Monasterioaren gainerako lekuak domingotar ahizpen klausura-espazioak dira, eta publikoak ezin ditu bisitatu. 30 gela daude espazio horretan, erabilera anitzetarako barrundegi zabalak, 60 metrotik gorako luzera duen galeria edo korridore itzela, eta 3 hektareatik gorako baratze handia, seroren otoitzerako ermita bat barne hartzen duena.

Ba al zenekien…

  • Espainian aita santu batek inauguratutako lehen monasterioa dela?
  • 1977an Kultura Intereseko Ondasun deklaratu zutela, interes nazionaleko Monumentu Historiko Artistikoen kategorian?
  • Casalarreinako «Clássica» Antzinako Musikako Jaialdia bertan garatzen dela?
  • Monasterioan bizi diren domingotar ahizpek artisau erara egindako gozokiak erosi eta dasta ditzakezula?