Casalarreinako bizitza sozial eta erlijiosoaren eraikin enblematikoa

San Martin eliza XVI. eta XVIII. mendeen artean eraiki zen. 1533an hasi ziren lanak, eta burualdea, gurutzadura eta elizako habearteko lehen atala eraiki zituzten. Ondoren, XVI. mendearen amaieran, tenpluko habearteko gainerako atalak eraiki zituzten; eta, XVII. mendearen hasieran, dorreko behealdeko gorputzak eta sakristia. XVIII. mendean jada, dorreko goialdeko gorputza eta Ebanjelioaren kapera altxatu ziren.

  • HELBIDEA: Plaza San Martín, 3, 26230 Casalarreina, La Rioja – Nola lortu »

  • TELEFONOA: 941 324 151

Elizako oinplanoa hiru ataleko habearteaz, gurutzaduraz, burualde oktogonalaz, kaperaz eta sakristiaz osatua dago. Harlanduzko izar-gangak eta hegoaldera ematen duen portada nabarmentzen dira, eta azken horretan frontoi bat dago San Martinen irudiarekin, parrokia hari eskainia baitago. Bere egundoko dorrea hiru gorputzez osatua dago eta harlanduz eraikia, eraikinaren gainerako atalak bezala.

Presbiterioan erretaula nagusia nabarmentzen da, Fernando González de Larak trazatu eta 1789. urtean Tomás Díez de Matak eraiki zuena. Rokokoa da, aurreko obra baten osagai erromanista jakin batzuk integratzen baditu ere. Horrez gain, tenpluak interes handiko tailu erromanistak dauzka, Lázaro de Leivak egindakoak.

Balio historiko eta artistiko ukaezin horri erantsi behar zaio funtsezko eraikina izan dela Casalarreinako herriaren bizitzan, XVI. mendean eraikitzen hasi zenez geroztik. Parrokiako Artxiboan 1535etik aurrerako bataioei, 1766tik aurrerako konfirmazioei eta 1638tik aurrerako ezkontza eta heriotzei buruzko informazioa dago jasota, orain 4 mende baino lehenagotik elizak bete izan duen eginkizun sozial garrantzitsuaren erakusgarri.

Ba al zenekien…

  • Eliza aldizka eraiki zutela, hiru mendetan zehar?
  • Besteak beste, elizak bataio-erregistroa daukala 1535etik, eta ezkontzen eta heriotzen erregistroa 1638tik?