Historia berezia duen jauregi errenazentista bat.
Gaztelako Kondestableen jauregia parte zaharraren erdi-erdian altxatzen da hiriaren enblema gisa, bere garrantzi historiko handiagatik. 1500ean hasi ziren eraikitzen, gutxi gorabehera, Gaztelako Kondestableak ziren Fernández de Velasco familiaren gotorleku gisa hasiera batean, Bernardino Fernández de Velasco jaunaren aginduz, Nájerako dukearekin sortutako desadostasunen ondorioz. Alabaina, 1502an obrak bertan behera geratu ziren, Errege-erregina Katolikoek ez zutelako begi onez ikusten gotorleku berri bat eraikitzea. 1504ra arte obrak ez ziren berriz ere hasi, Bernandinok, gotorleku baterako ez, baina jauregi moduko eraikin bat altxatzeko baimena jaso zuenean. Aginduen arabera eraikinak ezin zezakeen hesirik, garitarik edo bestelako elementu gotorturik eduki.
HELBIDEA: Av. de la Paz, 26230 Casalarreina, La Rioja – Nola lortu »
TELEFONOA: 941 324 004
Bere historian zehar, Jauregiak ospe handiko hainbat pertsonari eman dio ostatu, garai hartan Velascotarren familia oso garrantzitsua baitzen. Tokiko kondaira baten arabera, 1511n gutxi gorabehera, Gaztelako Kondestableen jauregiak Joana Eroa erreginari eman zion ostatu, eta litekeena da hori udalerriko izen-aldaketaren jatorrian egotea: “Naharruri” esaten zioten udalerriari garai hartan, eta “Casalarreina” izan da handik aurrera. Kondairak alde batera utzita, jauregia izan zen Adriano VI. aita santuak 1522an ostatu hartu zuen eraikina, Pietatearen Monasterioa inauguratu eta bedeinkatzeko asmoz hiribildua bisitatu zuenean.
Gaur egun, pizkundearen adibide esanguratsuenetako bat da Casalarreinan. Hala eta guztiz ere, esku-hartze baten beharra dauka, kontserbazio-egoera hobetzeko eta balioan jartzeko. 2008an partzialki eraitsita geratu zen zaharberritze-obra batzuen ondorioz, eta harrezkero Udala Jauregiko birgaikuntza bultzatzen ahalegindu da. Alabaina, jabetza pribatuko eraikin bat izaki, obrak konplikatu egin dira urteek aurrera egin ahala, eta, horren ondorioz, erdi eraitsitako monumentu bat dugu gaur egun, oraindik ere bere lau solairuetako handitasuna erakusten duen arren, Casalarreinako historian izan duen iragan garrantzitsuaren arrastoa.