Ibilaldi atsegin bat mahasti-paisaietan barrena
Ardoaren Ibilbideak, Errioxa Garaiko Ardoaren Ibilbidean barrena diseinatutako ibilbide, bide eta bidezidorren multzoak dira, hainbat kilometrotan barrena, bisitariari mahastiek bainatutako paraje naturalak eta udalerrietako kultura, historia eta ondare oparoa ezagutarazteko helburua dutenak.
Jarraian, Casalarreinatik igarotzen diren Ardoaren hiru Ibilbideak aurkeztuko dizkizuegu; Errioxa Garaiko beste herri batzuekin lotzen dute Casalarreina, udalerriko bisitaren osagarri ezin hobea.
Ardoaren ibilbideak
Erromatar zubian barrena
IBILBIDEA: Haro – Anguciana – Cihuri – Casalarreina – Haro
DISTANTZIA: 22,5 km
IRAUPENA: 5 h ibilian; 1,7 h bizikletan.
LURZORU MOTA: Ona
ZAILTASUNA: Txikia
Haroko udalerrian dago abiapuntua, eta aurrera jarraitzen du Donejakue Bidearekin bat datorren ibilbide berezi batean barrena. Arrauriko Bidetik aurrera eginez, Angucianara iritsiko gara. Hortik Cihuriko herriraino jarraituko dugu, bertako Priorato auzoan barrena sartuz. Han, bere zubi nahastezina gurutzatu ondoren, ibaiaren ertzetik paseatuko gara Casalarreinaraino, eta udalerrian sartuko gara Oja ibaiaren gaineko XIX. mendeko zubia zeharkatuz. Bertan, Casalarreinan, Ardoaren Ibilbideak N-232 errepidea hartzen du landa-bide baterantz aurrera egiteko, eta bide horrek Donejakue Bidera eramango gaitu berriz ere, Harora bueltan, 22,5 kilometroko ibilbide zirkular hori osatzeko.
Ardoaren ibilbideak
Ebrotik Pietatera
IBILBIDEA: Haro – Gimileo – Ollauri – Rodezno – Zarratón – Casalarreina
DISTANTZIA: 15,8 km
IRAUPENA: 3,5 h ibilian; 1,2 h bizikletan.
LURZORU MOTA: Ona
ZAILTASUNA: Ertaina
Ardoaren Ibilbide hori Harotik abiatzen da eta Casalarreinan amaitzen, eta, ia 16 kilometrotan, Gimileo, Ollauri, Rodezno eta Zarratón udalerrietan barrena doa.
Harotik abiatuko gara, eta, N-124 errepidearekiko paraleloan doan errepide batean barrena, Gimileoko errepidera iritsiko gara. Udalerri horretan ezinbestekoa da Ebroren gaineko Behatokia bisitatzea, eta bertan, besteak beste, los Sotos gunea mirestea, Natura 2000 Sarean bildutako naturagune babestua dena. N-232 errepidean aurrera eginez, Ollauriko herrira iritsiko gara. Ollaurin, bertako udaletxetik abiatzen den ibilbidea hartuko dugu, hurrengo udalerrira iristeko: Rodezno. Udalerri horretan Bodegas izeneko auzoa nabarmendu behar da batez ere, ibilbideari erakargarri enoturistiko erantsia dakarkiona. Herria zeharkatu eta LR-311 errepidetik jarraituz, Zarratón hirira iritsiko gara, eta hortik LR-111 errepidean barrena jarraituko dugu Casalarreinara, ibilbideko helmugara, iristeraino.
Ardoaren ibilbideak
Riberas del Oja-Tirón
IBILBIDEA: Casalarreina – Tirgo
DISTANTZIA: 8,5 km
ZAILTASUNA: Txikia
Ardoaren Ibilbide honek 8,5 kilometroko luzera dauka, eta Casalarreina eta Tirgo herriak lotzen ditu. Casalarreina Oja ibaiaren eta Tirón ibaiaren arteko lotunean dago, eta Tirgo, berriz, Tirón ibaiaren ibilguak inguratuta dago. Zehazkiago, ibilbidea Oja ibaiaren ertzetik doa, eta, ondoren, ibaiaren ezkerrean —Casalarreinako udalerrian— dagoen eremua inguratzen du, Tirgorantz aurrera egiteko.
Bi ibaietako ertzetako paisaietan barrena doa ibilbidea, soro landu zabalak —zereal-soroak, batik bat— eta mahastiak zeharkatuz. Ibilbidea ezin hobeto prestatuta dago oinez edo BTTan joateko, eta aukera ezin hobea eskaintzen die publiko guztiei Errioxako parajeak eta bi udalerrietako ondarea ezagutzeko.